Amorebieta-Etxanoko Udalak 33.256.350 euroko aurrekontua onartu du 2023rako

2023rako aurrekontua 2022koa baino %6,7 handiagoa izango da, 33.256.350 eurora iritsiz.

Igoera nagusia Hiritartasuna arloan izan da, aurrekontu osoaren %54,55 Udalak zornotzarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetara bideratuko baita. Aurten ere, familiak, adinekoak eta zornotzarrak izango dira ardatza.

Arkalaz, Herrigintzan bat! Zornotzarrok 1.878.715 euro zertara bideratu erabaki genuen, aurrekontu partehartzaileetan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023ko Udal Aurrekontuak onartu ditu gaur Osoko Bilkuran. Horrela, Udalak 33.256.350 euroko aurrekontua izango du 2023rako. Hori izango da Amorebieta-Etxanoko Udalak izan duen aurrekonturik altuena, %6,97ko igoera, 2022an baino 2 milioi euro gehiago. Andoni Agirrebeitia alkateak gogorarazi du aurrekontuak Amorebieta-Etxanoko Udalak duen gobernantza-ereduan oinarrituta egiten direla, eta eredu horretan herritarrek aktiboki parte hartzen dutela: “zornotzarrak beti daude hartutako erabaki bakoitzaren erdigunean, baina, horretaz gain, haiek aurrekontuetan aktiboki parte hartzea eta etorkizuneko Amorebieta-Etxanorako bidea elkarrekin egitea nahi dugu”. Gainera, Agirrebeitiak adierazi du: “hiru arlo handitan (Hiritartasuna, Lurraldea eta Antolaketa) banatutako aurrekontu hauen helburua zornotzarren ongizatea da. Egungo egoera kontuan hartuta, zornotzarren babesa eta ongizatea izan dira gure jarduera-ardatz nagusiak. Zailtasun gehien dituzten pertsonei laguntzea eta babesa ematea dugu helburu”.

Hiritartasuna: aurrekontuaren %50 baino gehiago zerbitzu publikoak indartzeko
Hiritartasun Arlorako aurrekontua, zornotzarrei zuzendutako zerbitzuetan oinarritzen dena, aurrekontuen %54,55 izango da 2023an, 18.140.369,11 euro. Agirrebeitiak azaldu duenez, sail honek %5,05 gehiagoko aurrekontua izango du zornotzar bakar bat ere atzean gera ez dadin: “Arkalaz egingo du, elkarrekin, herritarren beharrak eta interesak entzunez eta irtenbide bat emanez”. Hala ere, azpimarratu nahi dut aurten ere arreta familietan, adinekoetan eta emakumeetan jarri dugula: “horiek dira gure lehentasuna eta erantzukizuna. Gaur egungo haur eta gazteak etorkizuneko Amorebieta-Etxanoren isla dira. Arkalaz, Herrigintzan bat! ekimenaren bidez, partaidetza sustatuko dugu, haien eta familien beharrak entzun eta erantzuna emateko”.

Hiritartasun arloaren aurrekontua aztertuz, partidarik handiena, %28,06, Gizarte Ekintza eta Berdintasun Sailera zuzenduta dago. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak eredu sozialago eta gizatiarrago, kohesionatuago, eskuragarriago eta iraunkorrago baten aldeko apustuarekin jarraitzen du. Herritarrak aurrera eramango diren politika publikoaren erdigunean kokatzen dira, udalerria eraldatzeko dinamikak sustatuz, non komunitatea, bizikidetza eta garapen iraunkorra bezalako kontzeptuak izango diren eraldaketa honen bultzatzaileak. Era berean, Amorebieta-Etxanoko herriak emakumearen ahalduntzea lantzen eta sustatzen duen herria izaten jarraituko du, feminismoan sakontzea helburu duten politika aktibo eta ekimen zehatzekin.

Kultura eta kirol arloari dagokionez, alkateak azpimarratu du Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat funtsezkoa dela herriko klub eta elkarteei laguntzea. Era berean, aipatu du Udalak sorkuntza kulturala eta sormen-industrien garapena sustatu eta bultzatuko dituela: “Amorebieta-Etxanoko herritarrek eta bertako kultura eta kirol eragileek Udalak sustatutako programa eta jardueretan parte hartzea nahi dugu, eta Udalak haien kezkak, gustuak eta beharrak asetzea. 2023ko aurrekontuek kultura, kirol eta sormen aisialdiko zerbitzuen alde egiten dute. Era berean, beren garapenerako beharrezkoak diren baliabideak eta espazioak eskaintzea eta hobetzea ere badute helburu”. Hala, Agirrebeitiak azpimarratu du Udalak enplegua sustatzeko apustuarekin jarraituko duela, industria-sarea indartsua izateko eta tokiko ekonomia bultzatzeko politika aktiboekin, ostalaritza eta tokiko merkataritza azpimarratuz. Azkenik, gogorarazi du Udalak kultur nortasuna eta euskara sustatzen jarraituko duela.

Lurraldea: etorkizuna eraikiz
Lurraldearen arloak aurrekontuaren %33,16 jasoko du 2023an: 11.029.382,39 euro. 2030eko Amorebieta-Etxanora begira, Agirrebeitia alkateak azaldu du gaur hartzen den erabaki bakoitza etorkizunean islatuko dela: “gure egunerokoa Amorebieta-Etxanon garatzen da, gure lurraldean. Bizitzeko eta lan egiteko herririk onena izatea dugu helburu, oinezkoentzat atsegina eta irisgarria, orekatua, ondo komunikatua, sozialki eta ekonomikoki kohesionatua, iraunkorra eta dinamikoa. Prozesu horretan, ezarritako erronken amaieran, herritarren eskutik joan behar dugu”. Agirrebeitiak gogorarazi du urte asko daramatzatela eredu hori lantzen, eta 2023ko aurrekontuetan hainbat jarduera aurreikusten direla bide horretan: eguzki-panelak ezartzea, bide publikoa eta bideak hobetzea, argiteria publikoaren eraginkortasuna, Altzibar auzoko saneamendua, eta abar. Era berean, Amorebieta-Etxanoko udalerriko auzoak aipatu ditu: “auzo eta landa-guneen alde lan egiten eta apustu egiten jarraituko dugu, auzotarren beharrak eta proposamenak entzunez. Amorebieta-Etxanok bere osotasunean egin behar du aurrera”.

Antolamendua euskarriak garatzeko
Hiru arloekin amaitzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak bere aurrekontuaren %12,29 erabiliko du antolaketa-arlorako, 4.086.598,50 euro guztira. Agirrebeitiak gogorarazi du antolaketa arloa arduratzen dela Udalaren lege, ekonomia, finantza eta administrazio euskarriez, horiek herritarrei beharrezko zerbitzu publikoak ematen jarrai dezaten.

Inbertsioak: 4.738.400 euro
Inbertsioen kapituluari dagokionez, 2023ko udal-aurrekontuek 4.728.400 euro bideratuko dituzte atal honetara. Horrela, Udala 2023an hasiko da Urgozo Kiroldegiko, Jauregizahar auzoko urbanizazioko eta Nafarroa Zentroko obrekin. Inbertsioei dagokienez, Agirrebeitiak gogorarazi du horietako asko Amorebieta-Etxanoko bizilagunek egindako eskaeretatik datozela: “horrela, zornotzarrek erabaki dute zertara bideratu 1.878.715 euro. Proiektu horien artean daude instalazio fotovoltaikoak, Altzibarko saneamendua edo udalerriko argiztapena hobetzea, energia-eraginkortasuna kontuan hartuta”. ARKALAZ, HERRIGINTZAN BAT!

Aurreikusitako inbertsioak:

  • Urgozo kiroldegia 2.411.000 euro
  • Jauregizaharreko urbanizazioa 600.000 euro
  • Nafarroa Zentroa 550.000 euro
  • Eguzki panelak 320.000 euro
  • Altzibarko saneamendua 270.000 euro
  • Bide publikoak eta bideak hobetzea 150.000 euro
  • Azterlanak eta proiektuak 100.000 euro
  • Aplikazio eta ekipo informatikoak hobetzea 95.400 euro
  • Argiteria publikoaren eraginkortasuna 90.000 euro
  • Inbertsioak Larrea, Gure Kirolak 58.000 euro
  • Inbertsioak Zelaieta, Zornotza Aretoa 30.000 euro
  • Bide-segurtasuna 20.000 euro
  • Nafarroa 15.000 euro
  • Zubiaur 15.000 euro
  • Euskaltegia 8.000 euro
  • Udal etxebizitzak 6.000 euro

2023KO UDAL AURREKONTUAK