Amorebieta-Etxanoko bederatzi emakume kirolarirekin berbaldia bihar, kirola eta berdintasuna uztartuz

Mahai-inguruan parte hartuko dute Saioa Calles, Iraia García, Carol Gorriño, Zaira López, Amalur Trompeto, Ziortza Eguzkitza, Sarai Ugarte, Irati Barrenetxea eta Irati Lejarra kirolariek. Moderatzailea Oihane Irazu izango da.

Berbaldia Zornotza Aretoan izango da, 18:00etan hasita.

Amorebieta-Etxanoko Udalak mahai ingurua antolatu du bihar herriko bederatzi emakume kirolarirekin batera, azaroaren 25aren bueltan. Berbaldia Zornotza Aretoan izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita, Saioa Calles, Iraia García, Carol Gorriño, Zaira López, Amalur Trompeto, Ziortza Eguzkitza, Sarai Ugarte, Irati Barrenetxea eta Irati Lajarrarekin batera. Moderatzailea Oihane Irazu izango da.

Mahai inguruko bederatzi emakumeek osatzen dute Maria Mentxakaren ‘Zornotzako Emakume Kirolariak’ erakusketa. Biharko saioan, bederatzi protagonistekin batera izango dira argazkilaria eta moderatzailea, eta mahai inguru baten bueltan kirola eta berdintasuna uztartuz gogoeta egingo dute. Horrela, besteak beste, amatasuna, kontziliazioa, lehiakortasuna eta profesionalizazioaren bideragarritsuan bezalako gaiak jorratuko dituzte.

Ezagutu bederatzi emakume kirolariak

Saioa Calles. Korrikalaria eta  fisioterapeuta
16 urtez atletismoan aritu da, eta duela urtebete hasi zen maratoi erdiko lasterketetan parte hartzen. Saioa kirolari petoa da, eta astean 4-5 egunetan entrenatzen du.

Iraia García – Atleta
Txikitatik izan du gogoan atletismoa, bere aita korrikalaria baitzen. 25 urtez lehiatu zen kirol honetan, eta urte hauetan Bizkaiko kros txapelduna izan da, 2018ko munduko txapeldunordea, 2.000 oztopo Masterreko Munduko txapelketan lehena, Espainiako F35 Kros Txapelketan lehena eta, berriki, Itsas Milian. Bere proba nagusia Munduko Txapelketako 2.000 oztopoak izan ziren. Aurretik 3.000 oztopoko probaren bat egin zuen, baina erronka izaten jarraitzen zuen, hesiek teknika eta denbora behar baitute pistan.

Carol Gorriño – Amazona
Bere amari eta aitari esker sartu zen hipikaren munduan. Txikitan neskato oso lotsatia zen eta kirol honetan murgiltzera animatu zuten, hazteko eta bere buruarengan konfiantza hartzeko helburuarekin. Carolek 17 urte ditu orain eta bizitza erdia darama hipikan. Bizkaiko bigarrena izan da, eta beti etxean lehiatu den arren, urte eta erdi daramatza behorrarekin entrenatzen kanpoan lehiatzeko. Aitortu du gero eta emakume gehiagok praktikatzen dutela kirol hau, baina lehiatzerakoan gizonezkoen figura nabarmentzen da.

Sarai Ugarte, Irati Barrenetxea eta Irati Lejarra – BETIGOL
Betigol 2014an hasi zen, emakume talde bat Amorebieta-Etxanoko futbol-zelaietan lagunarteko partidak jokatzeko geratzen hasi zenean. 2016an kluba sortu zen eta Ligan jokatzen hasi ziren. Hurrengo urtean Irati Lejana sartu zen, gaur egun Klubeko presidentea dena. Iratik aitortu du emakumeek musutruk egiten dutela hainbeste poz eman dizkien kirol hau, txikitatik egin dutelako, baina hainbat arrazoirengatik baztertuta utzi behar izan zutelako .

Zaira López , Amailur Alterano eta Ziortza Eguzkitza – UKABILAK (kick boxing)
Ukabilak 1996an hasi zen, gizonezkoen irudia nagusi zen klub eta kirol bat izanik. Bi emakume aitzindari izan ziren klubaren hasieran, eta 2000. urtetik aurrera askoz emakume gehiagok eman zuten izena. Ordutik, gehiago dira Ukabilaken kirol hori egiten duten emakumeak gizonezkoak baino. Emakume hauek kirol honetan hasteko arrazoi nagusiak segurtasuna eta hazkunde pertsonala dira, askok bullying-a jasan dutelako eta kirol honek taldea osatzeko aukera eman dielako.