Amorebieta-Etxanok ‘Tour Eguna’ ospatuko du igandean, Bizkaia zeharkatzen ari den txirrindularitzaren jaia

Zubiondo parkean izango dira jarduera ezberdinak: tailer didaktikoak, praktikarako pistak, bizikletarekin hurbiltzen diren pertsonentzako zerbitzuak eta Tourreko museo bat.

2023ko Frantziako Tourreko hirugarren etapa uztailaren 3an aterako da Amorebieta-Etxanotik. Herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko eta Tourraren hurrengo edizioaren emozioa aurreratzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak, Frantziako Tourraren eskutik, 18 Tour Egun antolatu ditu aurten, Frantziako Tourreko Grand Départ Pays Basqueren aurretik. Amorebieta-Etxanon igande honetan, urriak 23, ospatuko da Zubiondo parkean. Horrela, besteak beste, Amorebieta-Etxanoko Tour Eguneko eremuan honako jarduerak izango dira: tailer didaktikoak, praktika-pistak, bizikletarekin hurbiltzen diren pertsonentzako zerbitzuak eta Tourreko museoa.

Foru Aldundiaren ustez, Bizkaia munduko kirol-proba garrantzitsuenetako eta jarraituenetako baten hasiera izatea aukera paregabea da herrialde hau mundura konektatzeko, gure historia kontatzeko eta gure balioak ikusarazteko. Era berean, aukera ezin hobea da herritar guztiei txirrindularitzarekiko grina helarazteko, kirol gisa eta egunero mugitzeko modu osasuntsu eta iraunkor bezala.

Hori da Tour Egunaren helburua, Foru Aldundiaren eta Frantziako Tourraren ekimena igandean Amorebieta-Etxanoko Zubiondo parkera hurbiltzen diren guztiei gerturatzea, eta bizikletarekin lotutako jarduerez eta tailerrez gozatzeko aukera ematea.

Tour Eguna gunea

Amorebieta Txirrindulari Elkarteari eta Urgozori omenaldia
Halaber, Tour Egunean, Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebieta Txirrindulari Elkartea eta Urgozo zikloturista taldea omenduko ditu, 11:30etan, euren ibilbide eztabaidaezinengatik. Amorebieta Txirrindulari Elkartea 1948an sortu zen, eta zazpi hamarkada baino gehiago daramatza Amorebieta-Etxanon txirrindularitza garatzen eta bultzatzen. Zalantzarik gabe, Bizkaiko txirrindularitza harrobiko talde nagusietako bat da, maila guztietan dauden taldeekin eta urteroko txirrindularitza proba garrantzitsu baten antolakuntzarekin. Bestalde, Urgozo zikloturismo taldeak hogeita hamar urte baino gehiagoko historia du; txirrindularitza afizionatuaren praktikarekin eta sustapenarekin lotuta, bizikleta irteerak eta jarduerak antolatzen ditu.

Tour Eguna gunea
Amorebieta-Etxanoko Tour Eguneko eremua Zubiondo parkean egongo da eta hainbat gune izango ditu:

‘Tourreko tailer’ gunea:

  • Hezkuntza-ikasgela honetan, Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik eta jolasen bidez, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta 14 urte arteko haurrentzako oinarrizko arauetan barneratzeko aukera izango da. Gainera, txikiek marrazketa tailerrean parte hartu ahal izango dute. Bertan, marrazki bat egin eta Tourreko maillot hori ofizial baten zozketan parte hartu ahal izango dute.
  • Bide-segurtasuneko gela bat, bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko, arauak jokoen bidez ezagutuz, ekipamendu egokia erabiltzen ikasteko eta bizikletan ibiltzean behar bezala jokatzen ikasteko.
  • Tailer espazio bat, bizikletaren mantenurako eta konponketarako oinarrizko nozioak ikasteko, baita lapurretak saihesten ikasteko ere.
  • Parisko Eliseo Zelaietako podiumeko photocall bat.
  • Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak bizikleta pertsona bakoitzaren biometriara (aulkiaren, eskulekuaren eta abarren altuera eta inklinazioa) egokitzeko zerbitzua eskainiko du, eta  pertsona bakoitza bere bizikletarekin gerturatu ahal izango da.
  • Hastapen-pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko haurrak bizikleta erabiltzera ohitu daitezen.
  • Pump track pista bat, txirrindularitzan hasita dauden 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat egokitua.
  • Bizikleta elektrikoen eta urritasunen bat duten pertsonentzako egokitutako bizikleten proba-gunea.
  • Tourreko denda ofiziala, Frantziako lasterketako maillot, txapel, galtzerdi, kamiseta eta gainerako jantzi ofizialekin.
  • Euskaltel-Euskadik jarritako karpa bat, arrabol simulagailuekin. Gainera, taldeak lasterketetara daraman autobusa bisitatu ahal izango da.

Era berean, Frantziako Tourraren historiari eta Tourrean Bizkaiak duen historiari buruzko erakusketa gune bat zabalduko da, 1910eko edizioan Vicente Blancok parte hartu zuen garaia bertan azalduko delarik; Frantziako Tourreko merchandising gune bat ere izango da. Azpimarratzekoa da, Frantziako Tourreko maillot baten zozketan parte hartzeaz gain, ekitaldi ezberdinetan parte hartuko duten neska-mutilek Tour Eguneko diploma ofiziala, botilatxoak eta opari gehiago ere jaso ahal izango dituztela.