Udalak ekitaldiz betetako eguna antolatu du larunbatean Herriko Plazan, herria girotu eta SD Amorebietari Bigarren Mailarako bidean azken bultzada emateko.
Amorebieta-Etxano prest da larunbatean emozioz betako eguna bizitzeko. Denboraldi bikaina egin ostean eta azken bi jardunaldietan igoerak ihes egin eta gero, azken partidua ilusioarekin eta esperantzarekin biziko dute zaletu zornotzarrek. SD Amorebietak Bilbao Athleticen aurka jokatuko du Lezaman, 19:30etik aurrera.
Handik kilometro gutxira, Amorebieta-Etxanon, egun borobila izango da goizetik. Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Herriko Plazan, herria girotu eta SD Amorebietari Bigarren Mailara bidean azken bultzada emateko. Eguna haurrei zuzendutako ekitaldiekin hasiko da. 12:00-14:30 eta 17:00-19:00 ordutegian, giza futbolin bat, chutagola, eskuko bi futbolin, zirkuitu bat eta futbol-zelai txikiak izango dira plazan. Gainera, Lezamako partidara joateko sarrerarik lortu ez duten guztiek neurketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute udaletxe aurrean jarriko den pantaila erraldoian. Eta eguna espero bezala amaitzen bada, eta SD Amorebietak igoera lortzen badu, Andoni Agirrebeitia alkateak eta udalbatzako gainerako taldeek harrera egingo diete udaletxean; eta hauek, ospakizunarekin jarraitu ahal izango dute udaletxeko balkoian.
Andoni Agirrebeitia alkateak joan den astean esan bezala, “larunbata egun historikoa izan daiteke eta hain gurea den zornotzar sentimenduarekin biziko dugu”.