Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna: “Egin euskaraz, edonon, edonoiz, edonorekin”

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, Euskaraldia amaierara iritsiko da gaur.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Adierazpen Instituzionala onartu du, euskararekiko duen konpromisoa berretsiz.

Gaur, abenduak 3, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Adierazpen Instituzionalean azaldu duen moduan, azken hamarkadetan asko aldatu da euskararen testuingurua, eta normalkuntzarako pausuak eman diren arrean, lanean jarraitu beharra dago. Hala, hezkuntzan, aisialdian eta administrazioan euskara indartzeko egin den ahalegina ekarri du gogora, eta azpimarratu du, Amorebieta-Etxanoko Udalean euskarazko zerbitzua bermatua dagoela.

Hori horrela, eta ahaleginak ahalegin, euskarak oraindik baditu bere ajeak eta horiei aurre egiteko bidean, Udalak gogoratu du ezinbestekoa dela euskaldunok, euskal hiztunok, euskaraz egiteko konpromisoa hartzea: “Erronka: edonon, edonoiz, edonorekin, lehenengo hitza euskaraz, eta ulertzen duenarekin, ekin euskaraz, eutsi euskarari, izan EUSLE”. Konpromiso hori bere egin zuen Osoko Bilkurak, eta horrekin batera, baita Amorebieta-Etxanoko udal zerbitzuetan euskara lan-hizkuntza izatekoa ere, eta horretarako behar diren baliabideak jartzekoa.

Euskaraldia
Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Euskaraldia ere iritsi da azken txanpara. Hala, gaur goizean zehar, Zelaietako karpan, ‘Miñan’ liburuaren irakurtaldian parte hartuko dute Amorebieta-Etxanoko ikastetxe, elkarte, eragile eta herritarrek. Arratsaldean berriz, ‘Batetik bestera’ haur antzerkia izango da Zornotza Aretoan.

Era berean, eta Euskaraldiaren amaierarekin batera, Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartu duten herritarrei, ekitaldi ezberdinetan izan direnei, eta Ahobizi edo Belarriprest izanda, euskararekiko konpromisoa berretsi dutenei. Era berean, konpromiso hori urteko gainerako egunetara luzatzera animatu ditu Udalak. Izan gaitezen EUSLE.

 

IRAKURRI EUSKARAREN EGUNEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA