12.298 lagun batu ditu Mangamore Jaialdiko XVI. edizioak

Bisitarien gehiengoa familiak eta gazteak izan dira; %70a bizkaitarra eta %36a, aldiz, zornotzarra.

Mangaren inguruko dendetan eta Artist Allev edo stand komertzialetan elkartu da bisitari gehien eta horrekin batera, harrera ezin hobea jaso dute Cosplay eta Dance lehiaketek, familientzako tailerrak edota umeentzako puzgarri guneak zein bideo-jokoenak ere.

Beste urte batez, Amorebieta-Etxanok manga eta anime munduko jarraitzaileak batu ditu Mangamore Jaialdiaren XVI. edizioan. Aurtengoak ere harrera ezin hobea jaso du eta, guztira, 12.298 bisitari izan ditu.

Bisitari horietatik gehiengoa, hain zuzen %70a, bizkaitarra izan da eta %36a, aldiz, zornotzarra. Familiak eta gazteak izan dira publiko nagusiena eta horri lotuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei parte-hartu izanagatik, “partaidetza eta harrera horrek egiten baitu posible urtetik urtera manga eta anime arloan erreferentziazkoa den jaialdi hau antolatzen jarraitzea”.

12.298 lagun batu ditu Mangamore Jaialdiko XVI. edizioak 01

Manga dendak eta Artist Alley-a gune bisitatuenak
Mangamore Jaialdiko XVI. edizio honek bost gune bereizi izan ditu eta horietan guztietan ekintza egitarau zabala egon da aukeran: kontzertuak, lehiaketak, tailerrak, erakustaldiak, bideo-jokoak, antzerkia, stand komertzial ugari …

Horrez gain, bi youtuber ospetsuen bisita ere jaso du jaialdiak, Megamax eta El Quinto Emperador-ena, alegia.

Ildo horretan, azpimarratzekoa da hiru egunetan zehar mangaren inguruko dendetan eta Artist Alley edo stand komertzialetan elkartu dela jende gehien, izan ere, manga, anime eta kultura japoniarreko artisten produktuak eskuratzeko aukera zabala eskaini baitzaie bertaratu direnei. Era berean, Cosplay eta Dance lehiaketek ere arrakasta handia izan dute eta umeentzako puzgarri guneak, trenak, familientzako tailerrak eta bideo-joko guneak 8.344 lagunen bisita jaso dute.

12.298 lagun batu ditu Mangamore Jaialdiko XVI. edizioak

Datuak, egunez egun
Asteburua egunez egun aztertuz gero, ostiralean 2.321 pertsona elkartu ziren jaialdiaren bueltan, eta ekintzarik bisitatuenak izan ziren, hurrenez hurren: Dendak/Artist Alley: 1.917 pertsona; puzgarriak/trena: 715 pertsona; eta bideo-jokoak 695.

Larunbatekoa izan zen egun nagusia, 7.234 bisitarirekin. Kasu honetan, baita ere, Dendak/Artist Alleyak jaso zuen bisita gehien, 6.150 pertsonarekin; atzetik, puzgarri eta trenak 1.965 gaztetxo erakarri zituzten; bideo-jokoak 1.842 lagun eta azkenik Cosplayak 1.252 lagun.

Igandeko ekitaldiek ere bere publikoa izan zuten: 2.743 bisitari guztira. Denda eta Artist Alleyak 1.115 lagun erakarri zituen; puzgarri eta trenak 1.085 pertsona; bideo-jokoak 956 pertsona eta Asian Dance Txapelketak, 814.

Gainerako ekitaldiei dagokienean, aurrez izena eman behar zen tailerretan 470 pertsona apuntatu ziren, gehienak familia girokoak. Zornotza Aretoan burutu diren ekintzetan – pelikulak, antzerkia eta bideo-joko txapelketak – 560 lagunek hartu dute parte.
12.298 lagun batu ditu Mangamore Jaialdiko XVI. edizioak